Lizarran martxoaren 28an, larunbatarekin, 11:45ean Aberri Eguna modu bateratuan ospatzeko, Euskal Herriko ideologia ezberdineko abertzale eta subiranistak bilduko dira ekitaldi batean. Txartelak 10 euroan online eta txarteldegian.
“Gure egun nazionala ospatzera. Aberri Eguna ospatzera. Eta etorkizuna dugula ospatzera, gure herria beste subiranotasun fase batzuetara eraman nahi dugula, non herri honek bere burua erabat gobernatu ahal izango duen eta dagozkion erabakiak bere errealitate pluralen arabera eta bere herritarren borondatearen arabera hartu ahal izango dituen, askatasunez eta demokratikoki agertuta. Lizarrara gonbidatzen zaituztegu, historiarekin hitzordua egitera, etorkizuna ospatzeko”.
Aberri Eguna Los Llanos kulturgunean ospatuko da. 11:45ean, eta aurreko urteetan egin bezala, kanpoaldean agintarien sokadantza izango da, baita ohorezko aurreskua ere. Ondoren, kultur ekitaldi izango da. Ekitaldiaren ideia artistikoa eta gidoia Xabier Irujo Ametzagarenak dira. Xabier Irujo Ametzaga Nevadako Unibertsitateko Center for Basques Studies zentroaren zuzendaria da, eta genozidio-ikasketetako irakaslea.
Ekitaldiak Lizarraren balio historiko, kultural eta artistikoa nabarmenduko du, baita hiri honek eskubide zibilekin izandako lotura ere, Lizarra aitzindari izan baita, emakumezkoen, adingabekoen zein minoria erlijiosoen eskubideak bermatzen. Xabier Irujo Ametzagak laburbildu duenez, “gaur, Lizarra berriz da izarra. Iraganetik etorkizunera, garaian garaiko berpizkundea”. Ekoizpen tekniko eta artistikoa LUR Soinu Sistemena izango da. Eta sarrerak salgai daude jada Internet bidez, eta ekimena laguntzeko BIZUM kanpaina bat abian jarri dute.




