Zer gertatzen ari da munduan? Ostiralen Miñan eta bertso saio aparta gaztetxean

Sugarra Gaztetxeak egitarau bete-betea antolatu du abenduko hilerako; mundu mailan gaurkotasunean gertatzen ari denaren inguruko hitzaldiak bai eta aisialdirako espazioak irekiko dira.

Krisialdi klimatikoa, genozidioak, gerrak, pobretzea, inmigrazioa…. Nola iritsi gara puntu honetara? Baina, batez ere, zer dugu egiteko? Auzi handi horiei ekiteko hitzaldiak antolatu dira. Lehena azaroan izan zen, Antonio Aretxabalak emana: “Crisis de materiales, climática, ambiental y social. Final del crecimiento y soberanía”.

Sionismoaren inguruan eta Palestinaren egoera ulertzeko hitzaldia ere eman du Jose Castillok, eta bestetik, Miñan bere liburuaren eta etorkinen auziaren inguruan solastatuko da Amets Arzallus. Bertso-saio batekin emango zaio amaiera egitarauari, Euskal Herriko bertsolari ezagunekin: Amets bera, eta Garazi Navarro, Idoia Granizo, Sarai Robles.

Begiradek esaten dutena

Amets Arzallusekin tarte bat

Onintze Arrastia Mauleon

Miñan arreba txiki edo anai txiki esan nahi du pular hizkuntzan. Hala jakinarazi zidan Amets Arzallusek berarekin hitz egin nuenean. Abenduaren 29an Sugarra Gaztetxera etorriko zela aitzaki harturik lotu nuen hitzordua berarekin. Arzallusek Miñan izeneko liburua idatzi zuen 2019an, Ibrahima Balde konakrytarrarekin (Ginea) batera. Ibrahimaren bidaiaren historia da, etorkinek bizi beharrekoa deskribatzen du, baina, era berean, historia pertsonala da.

Amets eta Ibrahimaren arteko harremanaren abiapuntua Irunen kokatzen dugu. Irun Euskal Herrira heltzen diren migrante gehienen azken oztopoa da. Frantziako politika migratzaileek milaka etorkinen bizitzak arriskuan jartzen dituzte, eta erronka latza bilakatzen da beraientzat Frantzia eta Espainiaren arteko muga gurutzatzea. Irunen migranteentzako laguntza humanitarioa emateko zentroa dago, eta han ezagutu zuten elkar gure bi protagonistek.

Asiloa lortzea zaila da eskaera egiten duten migrante guztientzat. Bada, Ibrahima hori lortu zuen pertsona gutxietatik bat izan zen, eta prozesuan laguntzaile moduan egon zen Amets Arzallus. Ezinbestean haren egoeraren jakitun egin zen; tramiteek eskatzen zutena tarteko. Horren barruan, dosier bat idatzi behar zen etorkinaren bizitzaren eta egoeraren inguruko informazioa eskainiz. Hori zen Ibrahimaren historia, bere gauza mingarri eta zailtasun guztiekin; eta paperean idatzita ikusteak eman zion Amets Arzallusi liburu bat idazteko ideia. Liburu horren idazteak bazuen zerbait berezia beste batzuekin alderatuta; beste pertsona baten azalean jartzea zekarren, eta sentimenduak dantzan hasi, liburuan kontatzen ari zaren historia zure hatzekin ukitzerainoko lotura. Ibrahimaren istorioak gaiaren inguruan kontzientzia handitzen lagundu dio Arzallusi.

Baina Euskal Herriko irakurleei begira, zer? Kontzientziak astindu al zituen Miñanek? Arzallus horren fedea dauka. Argitaratzea “urduritasunez” bizi izan zutela azaldu zidan; nolako harrera izango zuen zalantza handia zen beraientzat. Ez zuten espero hain ongi jasoko zutenik bai erakundeek bai jendeak orokorrean. Harrera ona bai, baina kontzientziak pizteari dagokionez “bide luzea geratzen dela” aipatu zuen idazleak.

Ibrahimaren historia urtero milaka etorkinek bizi beharreko zerbait da, “eta hori hedabideek zifratan eta kopurutan adierazten dutela beti” azaldu zidan Ametsek. Migrazioa gai nagusitzat duten artikuluetan beti aipatzen da zenbat etorkinek gurutzatu duten muga, zenbat hildako, zenbat zauritu, etab. Ibrahimaren istorioak, ordea, bestelako ikuspegia islatzen du. Auzia bizipen pertsonaletatik abiatuta mahaigaineratzen du, eta horrek gertuagoa egiten du auzia bera Europan bizi garenontzat. Zifra altuak ikusteak egoeraren larritasuna ulertzera eraman gaitzakeen arren, askoz gehiago ukitzen gaitu istorio erreal batek; eta orduan bai, egoera benetan ulertu eta sentitzen dugu zer gertatzen ari den beren jatorrizko herrialdea uztera beharturik Europara etortzen diren pertsona horiekin guztiekin.

Behin Europara helduta, ordea, egokitzapen prozesua arrotza egiten zaie. Horren inguruan ere galdetu nion Arzallusi. Arrazakeriak bazter guztiak hartzen ditu, gaur egun, eta horren inguruan jakitun bagara ere, jarrera inplizitu moduan daramagu gurekin. Hain esplizituak diren arrazakeriazko jarrerak salatzen ditugula aditzera eman zuen idazleak, aldiz, arriskua keinu eta begirada ia ikusezin horietan kokatzen dela esan zuen. Adibidez, Ibrahimaren kasuan begiradek esaten zutena irakur zezakeen Madrilgo —oraingo bere bizitokiko— hainbat lekutan. Denok ditugu aurreiritziak, eta horri aurre egin beharra zaio, zaila izan arren. Zeren eta Ibrahima batek pairatu duen guztia pairatu eta gero, guregandik espero dena da harrerazko jarrera izatea. Baina hori bakarrik ez eta egoeraren inguruan kontzientzia izatea eta horren araberako jarrera izatea gure egunerokoan.

Artikulu hau idatzi ondotik, eta argitaratu aitzin, honako berri pozgarria jaso genuen: “Azkenean Ibrahima Baldek lortu ditu paperak. Hilaren 28an, Inuxente egunean, hartuko du abioia, lehen aldiz bizitzan, Ginea Konakryra bueltatzeko. Han ditu ama eta arrebak zain.

Aurreko artikuluaOstegunean “Enperadorearen kondaira” itzal-antzerkia
Hurrengo artikuluaLarunbatean estreinaldi mundiala: “Migrazioa, bidaia ahaztezina” animazio filma