Lizarrara bisitan etortzeko asmoa duzu? Edo bertakoa zara eta eguraldia euritsu dago? Ziurrenik jakingo zenuen Lizarran badirela museoak eta maiz geroko utziko zenuen hauen bisita.
Bada, goiz edo arratsalde pasa ederra izan liteke, izan ere, badira hainbat museo, interpretazio zentro eta erakusketa-areto non erakusketak euskaraz bisita daitezkeen. Eta gehien-gehienak haien arteko 500 metroko distantziara. Museoen aldetik, hiru dira, Nafarroako Gobernuko bi eta Udaleko bat. Halaber, erakusketa aretoak daude Kultur Etxean eta baita Hiriaren interpretazio zentroa.

Hala, Karlismoaren museoak bi erakusketa izan ohi ditu aldi berean, beheko solairuan aldi baterako diren gai zehatzen ingurukoak (une honetan “Lurrak hitz egingo balu…” erakusketa adibidez) eta bigarren solairuan erakusketa iraunkorra Karlismoaren inguruan. Horrekin batera, nabarmentzekoa urtean zehar bisita gidatuak antolatzen direla eta haietako batzuk euskaraz; edo zenbaitetan Bertsondare egitasmoarekin udan bertso-bisita saioak antolatu direla.
Gustavo de Maeztu museoak ere, goiko solairuan margolariaren erakusketa iraunkorra kokatzen da eta beheko solairuan, berriz, aldi baterako erakusketak. Une honetan, esaterako, Teresa Sabaté artistaren «Hari hirian» erakusketa. Tarteka kultur emanaldiak antolatzen dira aretoetan, baina (ia) batere ez euskaraz.
Hirugarren museo handia, eta ezezagunena, Nafarroako museo etnologikoa da, Merkatondoan kokatua. Berez, liburutegi espezializatu eta ondarearen biltegi bezala funtzionatzen duen arren, era mugatuago batean bada ere bisita daiteke.
Hiru horietaz gain, badira bestelako espazioak Lizarran aipamena merezi dutenak. Batetik, Udal kultur etxean erakusketa-areto txiki bi daude, beheko eta goiko solairuan. Une honetan, adibidez, Aftelae elkartearen “Horren harira …” eta Jesus Mari Txaskoren “Erretratuak eta Tradizioak” erakusketak. Eta, bestetik, Lizarra hiriaren interpretazio zentroa antzinako justizia jauregian.

Jarraian museo, erakusketa areto eta interpretazio zentroaren ordutegi orientagarriak. ORDUTEGI EGUNERATUAK eta BESTELAKO ZEHAZTAPENAK Lizarrako Turismo Bulegoan topatuko dituzue. Online kontsulta daitezke Visitnavarra.es webguneko Antolatu zure bidaia > Turismo bulegoak > Lizarrako turismo bulegoa.
- Gustavo de Maeztu museoa. Nafarroako Errege-erreginen jauregian. Webgunea. Neguko ordutegia urriaren 17tik martxoaren 27ra, asteartetik larunbatera: 09:30-13:30. Igande eta jaiegunetan: 11:00-14:00. Astelehenetan itxita. Udako ordutegia martxoaren 28tik urriaren 16ra, asteartetik larunbatera: 09:30-13:30 eta 16:00-19:00. Igande eta jaiegunetan: 11:00-14:00. Astelehenetan itxita.
- Karlismoaren museoa. Gobernadorearen jauregian. Webgunea. Ordutegiak:Asteartetik larunbatera 10:00-14:00 eta 16:00-19:00. Igande eta jaiegunetan: 11:00-14:00. Astelehenetan itxita.
- Estella-Lizarra interpretazio zentroa. Antzinako justizia jauregi eta udaletxe izandakoan. Webgunea. Eraikin berean daude interpretazio zentroa (2. eta 3. solairuak) eta turismo bulegoa (beheko solairuan). Oro har bulegoaren ordutegian bisita daiteke, baina informazio zehatza eta eguneratua Visitnavarra webguneko turismo bulegoen atalean.
- Frai Diego Lizarrakoa Kultur Etxea. Frai Diego Lizarrakoaren jauregian. Ordutegiak: Asteartetik larunbatera: 18:30-20:30. Larunbatean, gainera, baita 12:00-14:00. Igande eta jaiegunak: 12:00-14:00. Astelehenetan itxita.
- Julio Caro Baroja museo etnologikoa. Merkatondoa 13, 4. nabea. Webgunea. Bisitetarako irekita jaiegunak ez diren asteazkenetan 8:30-14:30 ordutegian. Gomendagarria aldez aurretik abisatzea.





