24an egun osoko Olentzero

FONDO MARIN. PASCUAL MARIN - Gure Gipuzkoa Kutxa Fototeka. Olentzero Donostian (1931)

Aurtengo egoeraren ondorioz halabeharrez aldaketak izan behar ziren Olentzeroren kalejiretan. Hala, Lizarran, hainbat Olentzero izanen ditugu kale zein mendian. Urtero Larrainzarreko aterpetxera igotzen ziren familiak Olentzerori gutunak emateko. Aurten, ordea, Orlegi/San Millan mendira jaitsiko da Olentzero 24ko goizean.

Ibilbide zirkularra izanen da eta bidean laguntzaileka, dantzariak, musikariak… izanen dituzte. Ibilbidean taldeka sartu ahalko da eta talde bakoitza txandaka abiatuko da 5 minutuko tartearekin. Talde bakoitzean gehienez ere sei lagun izanen dira eta familia-unitatea osatuko dute. Antolaketarako, ezinbestekoa izanen da familiek aldez aurretik izena ematea. Abiapuntua, Renolit zenaren aparkalekua, bertan argibide-gunea ere izanen da. Bi ibilbide egonen dira, bata oso erraza eta bestea zailtasun erdikoa/errazekoa. Ordutegia, hasiera batean, 10:00etatik 13:00etara izanen da, baina izen ematearen arabera moldatu ahalko da. Informaziorik eguneratuena eta familien izen ematea Lizarrako Mendizale taldearen webgunean.

Bestalde, arratsaldean ikazkina Lizarrako karriketara jaitsiko da, Arieta mendietatik eta musikak lagunduta. Hala, hasierako asmoak dira “zazpi eta erdi aldera jaistea, haurrak jada etxean daudela, eta etxetik ikusi ahal izatea“. Hori hala izateko, ibilbidea luzatuko dute, hiriko auzo gehiago bisitatuz, eta asmoa da “Olentzero eta Mari Domingi ibilgailu batean joatea, musikarekin, haurrek ikusi eta entzun ahal izateko“. Azkenik, hirugarren kalejira bat izan ohi zen 24an, presoen aldeko mezuekin hau, honen inguruan oraindik ez dugu berririk.

Edozein kasutan, badirudi bizpahiru Olentzero izanen ditugula aurten Lizarran. 24a gertu dugu eta denbora faltak ez du hausnarketarako tarte handirik ematen, baina eta Olentzero birpentsatuko bagenu? Mari Domingik berdintasunari mesede egin dio, ala ez? Olentzero emakumezko izan daiteke?


Orantzaroa Leitzan, 2014. Argazkia: ALKE, Altzadi Leitzako Kultur Elkartea.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena