Uztailaren 3an aurkeztu zen 2026ko Lizarrako Erdi Aroko astea. Jada hogeita zazpi edizio ditu festa handi honek eta aurten uztailaren 20tik 26ra ospatuko da. Astebetean hiriko karrikak eta plazak Erdi Aroko ekitaldi, soinu eta iruditeriaz beteko dira.
Erdi Aroko Astea Estella-Lizarrako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak antolatzen du, eta 114.000 euro inguruko aurrekontua du. Lizarrako Udalak pisu nabarmena du, batetik baimenak ematen eta Udalaren baliabideak eskaintzen ditu, eta bestetik finantziazioaren zati handi bat bere gain hartzen du, zehazki 81.000 euro. Hau da, % 71.
Ekitaldi asko hitzik gabekoak badira ere, ez dira gutxi hitza dutenak oinarri: Esaterako, lehen eguneko pregoia edo Uztailaren 20tik 26ra, egunero, egonen diren bi ipuin-kontalari ekitaldi: “Mimir, ipuinen liburua” eta “Lizarrako Jaurerriko erraldoiekin”.
Jar dezagun begirada bi ekitalditan:
- ASTELEHENETIK IGANDERA, Lizarrako Jaurerriko erraldoiekin: Lizarra Ikastolako erraldoiek Erdi Aroko Astean parte hartuko dute eta kalejira horretan Itziar Olague eta Amaia Elizagoien (Ameli) musikari eta kontalariak ipuin musikatu laburrak eginen dituzte. Egunero aterako dira, eta lau saio eginen dituzte egunean zehar kalejiran. Gainera, Amaia Elizagoien zeremonia-andrea izanen da pregoiaren egunean. Euskaraz izanen da?
- ASTEAZKENEAN, HARROBI DANTZA BERTIKALAren GEURE(R)A IKUSKIZUNA. Dantza bertikala eta sormen garaikidea kultura eta euskal identitatea lotuz. Geure(R)a ikuskizunak natura, olerkigintza, dantza eta video-mapping-a lotzen ditu. Juantxo Zeberioren musika, Toti Martínez de Lezearen olerkiak eta Paco Gramajeren animaziozko proiekzioak hiru dantzariren aireko koreografia jantziko dituzte. Euskaraz izanen da?
Arrazoi ugari daude euskara ere Erdi Aroko astearen parte garrantzitsua izateko:
- Hamarkadak dira Lizarra euskalduntzen ari dela. Euskara Lizarrako berezko hizkuntza dugu eta euskaldunak gero eta gehiago gara gure herrian (datuak hemen kontsulta daitezke).
- Uda garaian bisitari ugari ditugu Lizarran. Haietako asko noizean behin bisitatzen gaituzten edota bigarren etxebizitza Lizarraldean duten euskaldunak dira. Hau da, turismo iraunkorraren zati garrantzitsu bat euskalduna da.
- Antolatutako ikuskizunetan familiek pisu nabarmena dute. Gainera, zazpi egunez egunero bi ipuin-kontaketa ezberdin eskainiko dira: “Mimir, ipuinen liburua” eta “Lizarrako Jaurerriko erraldoiekin”. Gainera, egunean hainbat aldiz eskaintzen dira. Horrenbeste ipuin saio egonik, publikoa familiak izanik, ez litzateke ulergarria izango horietako bat bera ere euskaraz ez balitz.
- Ameliren kasuan (Lizarrako Jaurerriko erraldoiekin ipuin-kontaketa), hizkuntza-erreferentea da Nafarroako haur euskaldun askorentzat. Baita Lizarrakoentzat ere, izan ere, Lizarrara maiz etorri da Gareanen eskutik (ninientzako berariazko saioak, Txokolipuinak egitasmoa, San Joan su ttikia…) eta erreferentzia hori ahulduko litzateke saioak erdaraz eginez gero.
- Gainera, Jaurerriko erraldoien ipuinak, berez, Lizarra Ikastolako erraldoien konpartsaren kalejiraren parte dira. Hau da, D eredua edo euskarazko murgiltze eredua soilik eskaintzen duen ikastetxea zeinaren ardatz den euskararen erabilera bultzatzea eskolan zein herrian.
- Eta ipuinak euskaraz entzungo dituzten erdaldunak zer? Bada, saioen ezaugarriak ikusita (saio ibiltaria, hamar bat minutuko ipuin laburrak, arinak eta musikatuak), ez al da haientzat ere opari bat euskara entzun ahal izatea? Ez al da aukera bat haurren belarria goxatzeko eta familien euskararekiko ezagutza eta begirunea handitzeko?
- Ekitaldi asko Euskal Herritik kanpoko konpainiek eskainiko dituzte, eta, beraz, zailagoa izanen da haiek euskaraz egin ahal izatea. Hortaz, bertako konpainiekin ahalegin berezia egin beharko litzateke euskaraz egin dezaten.
- Erdi Aroko astean lan handia egiten da testuingurua eta estetika zaintzen. Hau da, Erdi Aroaz dugun irudiari fidel izaten saiatzen da: pertsonaiak, apaingarriak, saltokien apaintzeak, ekitaldien gaia, eta abar. Bada, Erdi Aroko Lizarra irudikatzeko ezinbestekoa dugu euskaraz ere aritzea: Merkatondoa, Lizarra, Zaldu, Arieta, Aiztondeta, Ordoiz, Zaraputz, Ibarra, Iturrieta, Galdarrain… garai hartako lizarratarren euskarazko hitzak dira, leku-izen gisa guregana iritsi direnak eta orduko euskaldunen lekuko direnak.
- Erdi Aroko asteak proiekzio handia du Lizarraldean bertan eta hortik kanpo ere. Jende ugari erakartzen du, leku askotatik, Estella-Lizarra zer eta nor garen erakusteko abagune itzela. Estella ere bada Lizarra, eta euskara bertako hizkuntza dela erakusteko modua ere bada, karteletik harago ere.
Beraz, jakin gabe ere oraindik zer nolako hizkuntza politika jarraituko duten antolatzaileek, honako eskaera egiten dugu:
1. Lizarrako Jaurerriko erraldoiekin ipuin-kontaketak euskaraz izatea.
2. Pregoian euskararen presentzia bermatzea, ez soilik sinbolikoa.
3. Geure(r)a ikuskizuna euskara izatea.
4. Hurrengo edizioetan, jakinaraztea egitarauarekin batera zein ekitaldi izanen den euskaraz.
Eskerrik asko!




