Azken egunotan bolo-bolo ibili da Hezkuntza Departamentuak, Gimenoren eskutik, hartu duen erabakia. Horren ondorioz, hasiera batean zabaldu zen informazioaren arabera 19 ikasgela gutxiago izango ziren eredu publikoetan eta 10 itunpekoetan. Azkenean, badirudi ikasgela publikorik ez dela itxiko.
Jaiotza-tasaren beherakadaren eta hartutako erabakien ondorioz, “azken urteetan matrikula kopuruak era bertsuan egin du behera hala sare publikoan nola itunpekoan —ikasle kopurua %20 apalagoa da bietan, duela hamar urteko datuekin alderatuta—, baina gelak ez dira neurri berean murriztu: 54 ikastalde galdu ditu hezkuntza publikoak denbora horretan (%8ko murrizketa); itunpekoak, aldiz, 8 baino ez (%3)“.
Arazoa orokorra izanik ere, Lizarrako egoerak zer esana eman du bai Ikastolen Elkartearen zein Hezkuntza Departamentuaren adierazpenetan. Batetik, Ikastolek lehen egunetik adierazi dute Lizarra Ikastolak 31 ikasle izan dituela, aski bi lerro irekitzeko, eta horrek Hezkuntza Departamentuaren argudioak gezurtatzen zituela. Gimenok ere, apirilaren 23ko adierazpenetan (testu hau idatzi den egunean) Lizarra aipatu zuen: “kontseilariak azpimarratu du ikasle berrien %98,9k ikaspostua lortu dutela lehen aukera gisa markatutako zentroan, eta salbuespen bakarra dagoela: Lizarra ikastolan izena eman ezinik gelditu diren sei ikasle. Iragarri du «egoera aztertzen» segituko dutela aurrerantzean ere, baina itunpeko sarean unitate berririk ireki gabe: «Gobernuak ez du finantzatuko hutsik edo erdi hutsik dagoen ikasgelarik»“. Honen aurrean, zer da hutsik edo erdi hutsik?
Lizarran D ereduak osotara 55 aurrematrikula izan ditu. Ikastolan 31 eta Remontibalen 24. Antza, Remontibalen bigarren lerroa irekitzeko ratioa 23 ikasleren kopuruan zegoen, ozta-ozta baina zorionak! Beraz, hasiera batean lau ikasgela espero zitezkeen, honako ratioekin: Ikastolan 15/16 ikasle bakoitzean eta Remontibalen 12 bakoitzean. Eskolak emateko kopuru onak ezta? Baina, antza, Gimenoren ustez ikasle kopuru hauek “hutsik” edo “erdi hutsik” uzten dituzte ikasgelak.
Hezkuntza departamentuaren erabakiaren ondorioz, eta ez bada aldaketarik, Ikastolan 25 ikasleko talde bat egongo litzateke eta Remontibalen 15eko bi.
Jaiotza-tasaren beherakada arazo da gizartearentzat, baina ezin zitekeen aldi berean abagune izan ikasgeletako ratioak murrizteko? Ikasgelak ixten “aurrezten” den dirua benetan hezkuntza hobetzen inbertituko da?

Ertz ugari ditu afera honek, eta motibo sendo ugari daude, baina horietako bat ere izan beharko luke egoera minoritario eta minorizatuan dagoen hizkuntza baten murgiltze ereduak ere motibo behar duela ikasgela-ratioa murrizteko.
Administrazioan Euskaraz-ek, bestalde, honako txioa argitaratu du X-n: “Ikastolei bai, lerro publikoko D ereduari ere bai. Corellako familia batzuk Fontellasko ikastolara joanen dira, PSOEk Corellan D eredua jartzeari jarritako trabengatik. Ez da “pribatu/publiko” eztabaida bat, euskarafobia da.“
Albiste eta iritzi artikulu sorta laburra gaia jarraitzeko:
- Apirilak 21. Berria: Jaiotza tasaren beherakadari lotutako murrizketek Nafarroako ikastolei eman diete hozkada handiena.
- Apirilak 22. Diario de Noticiasen, Joseba Tristan (Lizarra Ikastolako zuzendaria): Cuando elegir ikastola tiene castigo.
- Apirilak 22. Berria: Ikastolek salatu dute ikasgelen murrizketa erabaki «arbitrario eta politikoa» dela.
- Apirilak 22. Berria: Gimenok itxiko dituen ikasgela publikoen ia erdiak D eredukoak direla salatu du Steilasek.
- Apirilak 23. Berria: Nafarroako Gobernuak atzera egin du, erdizka: ikasgela publikoei eutsiko diete, baina itunpekoak gutxitu.
- Apirilak 26. Diario de Noticias: Steilas confirma el riesgo de cierre de aulas en la enseñanza pública.
- Apirilak 30. Naiz.eus: Nafarroako 15 ikastolek kalera aterako dituzte ikasgelak itunen murrizketa salatzeko.
- Maiatzak 1. Berria: Nafarroako ikastolak, «zalantzan». «Ez daukagu ezer eskola publikoaren kontra, baina guk ikastolara ekartzea erabaki dugu». Imanol Urra, Sandra Beruete eta Natalia Gomez de Segura Casanellas. Lizarra ikastolako gurasoak.
- Maiatzak 1. Diario de Noticias: Familia afectada por el recorte de aulas de ikastolas: “Gimeno ha cambiado las reglas del juego y mi hijo se queda fuera”.




