Jaietan Kargak&Deskargak: Kaleko bertso-musika ibiltaria

Abuztuak 8, asteartea, KARGAK & DESKARGAK Zamalanak bertsoz eta musikaz osatzeko batu dira Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak Josu Zabala eta Rafa Rueda musikariekin, 2017ko udan kaleko lau emanaldi egiteko Euskal Herrian zehar: Baiona, Gasteiz, Lizarra eta Bilboko jaietan jardungo dute zamalanetan.

Honela azaltzen dute: “Gure misioa, euskaldunek jai egiten duten bitartean, bertsoz eta musikaz beteriko kaxak ekarri eta eroatea da, hiri bateko eragileek bestekoei bidalitakoak banatzen ditugun bitartean.

Dena den, jabetzen dira “Aldez aurretik dakigu gure negozioa hondamenera kondenatua dagoela, baina aberasgarria izango dela oso. Izan ere, badaukagu han eta hemen, zer kargatu eta deskargatu: herritarron pozak, kezkak, erruak, nahiak, ezinak eta grinak…

Kalean eta kaleko herritarrekin antolatu dituzte emanaldi ibiltariok. Hiri bakoitzean hiru geldialdi plazarik plaza, urtean zein urteetan zehar jendea eta egunerokoak bizi diren guneetara jota, gure jaiez eta gaiez jarduteko.

Emanaldian bertsoak eta musika uztartuko dituzte, bat‐batekoak zein jarriak, musikatuak zein a capella emanak, musika instrumentala eta kantak. Saioa hiru zatitan banatuko da eta, guztira, ordu eta erditik bi ordura iraungo du:

1. Agurra Koroatze plazan (12:30ean)
2. Egurra (13:00 pasa)
3. Azken egurra Santiago plazan (13:45 aldera)

Punta-puntako bertsolari eta musikari taldea:

Igor Elortza: Bertsolaria (7 Eskale, Gu ta Gutarrak).
Unai Iturriaga: Bertsolaria (7 Eskale, Gu ta Gutarrak).
Josu Zabala: Musikaria (Hertzainak, 7 Eskale, Gu ta Gutarrak)
Rafa Rueda: Musikaria (PiLT, Mikel Urdangarin; Lou Topet…)


(Gu ta Gutarrak taldea Badok.info-n, eskuinetik ezkerrera: Igor Elortza, Unai Iturriaga, Josu Zabala eta Jose Manuel Sampedro)

Kargak eta Deskargak Euskal Herriko jaietan:

Uztailaren 28an, Baionan, 12:00etan San Andres plazan hasita.
Abuztuaren 7an, Gasteizen, 21:00etan Aiotz plazan hasita.
Abuztuaren 8an, Lizarran, 12:30ean Koroatze plazan hasita.
Abuztuaren 22an, Bilbon, 19:30ean Santiago plazan hasita.

Antolatzaile: Lizarrako Udala eta Bertso Eskola.

2 IRUZKINAK

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena