Lizarrako zinema eta euskara, enpresa berria

(argazkia Nafarroako Antzoki Saretik hartua)

Golem enpresak urtearekin batera amaitu zuen Lizarrako zinema kudeatzearekin. Udalak egindako deialdian Llanos kulturgunea bi enpresek kudeatuko dute, batetik kafetegia eta bestetik aretoak. Zinemaren kasuan Amorebietako Areto S.L. enpresari esleitu zaio.

Honela 2013ko albiste honetan, “El renacer de los cines de pueblo“, aipatzen da enpresa honek “Gaur egun herrietako 100 zinema baino gehiago kudeatzen dituzte, gehien gehienak bat edo bi pantailatakoak“. Lizarrari dagokionez, honako ordutegiak izanen dituzte emanaldiek:

  • Ostiralean 20:00etan.
  • Larunbatean 17:00etan (haur filmea); 19:30ean eta 22:30ean.
  • Igandeetan 17:00etan (haur filmea); 19:30ean.
  • Astelehenetan 20:00etan (ikuslearen eguna).

Bestalde, sarrerak 6 euroan izanen dira (10 filmeko bonoa hartuta, 5€). Filmeez gain bestelako ikuskizunak ere eskainiko dira: satelite bidez zuzenean edo grabatutako operak (12€an) edo balet ikuskizunak. Zinema aretoak urtarrilaren 19an zabalduko dituzte, areto txikiak, areto handian oraindik hobekuntzak egin behar baitira.

Eta euskara aldetik? Udalaren deialdian honako atal puntuagarria ezarri da: “Programazioan sartzea zinema aretoen zirkuitu komertzialera iristen diren euskarazko edo euskarara itzulitako filme guztiak” eta enpresak egindako eskaintzan bere egin du puntu hau. Familiei dagokionez, aldaketa nabarmena izanen da, haurrei zuzenduriko hainbat filme estreinatzen baitira urtean euskaraz egindakoak edo euskarara itzuliak. Bestalde, helduei begira, azken urteotan kalitate handiko filmak utzi dizkigu euskal zinemagintzak: Handia , Amama, Loreak… Adi egon behar hurrengo estreinaldiari:

Erremenatari beldurrezko filma (estreinaldia martxoaren 2an)

Azkenik, bete beharrekoen artean, hamalaugarren puntuan esaten da: “Bete Estella-Lizarrako Udalaren Euskararen Ordenantzaren betebeharrekin, erabiltzaileekiko komunikazioei dagokionez: kartelak, web-a, salmenta puntu informatizuak, e.a.“.

Areto S.L.k ez du ohiko takilla erabiltzen sarrerak saltzeko. Horren ordez salmenta puntu informatizuak ditu, haietako bat Llanos Kulturguneko sarreran bertan izanen da eta bestea hirian barrena. Hauen bitartez eskuratu ahalko dira bai zinema eta baita bestelako ikuskizunen emanaldiendako sarrerak ere.

 

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena